Dani Fano komikigileari elkarrizketa

komiki eta marrazkiekin historiak kontatzen

Gipuzkoako komiken ilustratzailea eta egile Donostiar hau, 90. hamarkadanhasi zen Ikastolen Elkartearen material didaktikoa marrazten. Orduz geroztik, bere marrazkiek kartel, kanpaina, liburua, hainbat multimedia material zein komiki ere ilustratu dituzte. Bere lehen marrazkiek umore grafiko tirak, horri osoak, histori labur zein luzeak, textuliburu eta aldizkaritan kolaborazioak izan ziren.

Mutxo!, Ardi Beltza, Kalegorria, Ipurbeltz, Elhuyar, Osatuberri, Gaur8 astekaria edo H28 bezalako aldizkarientzat lan egin du. . 2005 urteaz geroztik, Xabiroi komiki aldizkariaren egile gisa zuzentzen eta parte hartzen du. Horretarako, TeleatoI albumetarako script eta marrazkia egin du. Kalabaza haluzinogenoak (Ikastolen Elkartea, 2010) eta Anubis 3.0 (Ikastolen Elkartea, 2012), Kortsarioen ostatua (Ikastolen Elkartea, 2015) albumaren gidoia eta orain gutxi argitaratu duen Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak.

Beraz gaurkoan elkarrizketa Euskal marrazkilaritzan eta haratago bere irudia jarri duen marrazkilari eta historio kontalari trebea, Dani Fano.

Hasteko, ezaiguzu, nor da Dani Fano? nola definitzen dezu zure burua?

50 urteko amaratar euskalduna, seme, aita eta lagun. Horrez gain, komikiak egitea eta istorioak kontatzea lanbide bihurtu duen artista.

Dani Fano marrazkilaria bere burua aurkezten duen biñeta

 

Atzera begiratu eta, noiz eta zergaitik hasi zinen komikiaren munduan interesatzen?

Txikitatik irakurri izan ditut komikiak. Etengabe kopiatzen nituen nire marrazkilari gogokoenen irudiak. Baina barruko motorea mugiarazten duen energia istorioak kontatzeko grina izan da beti. Irudigilea baino gehiago kontalaria naizela esango nuke. Marrazkien hizkuntza aukeratu nuen beste batzuk letrena edo hitzena aukeratu izan duten bezala. Nire hizkuntza naturala marrazkia da, baina, hala ere, horrek ez nau erabat asebetetzen. Hitzak ere behar ditut eta bi hizkuntz artistiko horiek komikian uztartzen dira hobekien.

Dani Fano marrazkilaria euskaraz

 

Jada badituzu komiki batzuk eginak, zein dira egin dituzun argitalpen nagusiak? zein uste dezu izan dela denboran zehar emandako garapena?

Lau komiki luze egin ditut –azkena bereziki luzea–, oso ezberdinak denak. Alde batetik, aztera begira, garapen teknikoa begi bistakoa da. Jardunean ikasten den adierazpen artistikoa da komikia, eta album luze batek ematen dizun eskarmentua ikaragarria da. Baina edukiaren aldetik gertatu zait garapen nagusiena. Azken bietan historiarako joera asko nabarmendu zait. Historian gauza harrigarriak aurkitu ditut eta horietako asko eta asko kontatzeke daude era literarioan. Ikaragarri gustatzen zait dokumentazio prozesua. Oso eroso sentitu naiz lan hori egiten eta segur aski bide horretatik jarraituko dut. Oinarri historikoa duen fikzioa izan daiteke, baina ez dut uste fikzio hutsera joko dudanik berriro.

Emaitza eder baten azpian prozesu txukun bat egon ohi da. Zein da komiki bat egiteko ematen dezun prozeusa?

Lehenik eta behin galdetu behar diot nire buruari zer kontatu nahi dudan. Kontatzekorik ez badut hobe lapitzarik ez hartzea. Zintzoa izan behar naiz nire buruarekin. Behin erabakita zer transmititu nahi dudan, gidoia landu behar dut azken mugaraino. Idatzi, berriz idatzi eta berridatzi berriz idatzitakoa. Erdipurdiko gidoi baten gainean ez dago komiki on bat egiterik. Gidoia eta elkarrizketak erabat lotuta ditudanean hasiko naiz marrazten. Lan artistikoaren alde fisikoa da marraztea, batzuetan mekanikoa ere badela uste dut.

Dani Fano marrazkilariaren komiki orri bat

Badakigu Xabiroi aldizkaria koordinatzen eta sustatzen zabiltzala, zer da Xabiroi? nola sortzen da eta nortzuk hartzen dezute bertan parte?

XABIROI Ikastolen Elkarteak ekoizten duen komiki-aldizkaria da. 12-99 adin tartera zuzenduta. Bertan Euskal Herriko egileek hartzen dute parte, batzuk zenbaki guztietan eta gainerakoak noizbehinka. Horietako asko, gehienak segur aski, sortzaile profesionalak dira.

Dani Fano marrazkilaria xabiroi koordinatzen

 

Nola izan da marrazkilari eta komikilari profesional moduan bizitzearen aukera?

Ez da erraza, eta segur aski ez da erabaki zehatz batetik etorri. Bada jatorrizko asmo bat, jakina, baina oso zaila da gauzatzen. Esango nuke alde batetik norberaren aukera batetik datorrela, eta beste alde batetik ofizio berak aukeratzen zaituela. Eta, nola ez, zure ibilbidearen une batzuetan zorte asko edukitzea ezinbestekoa da.

Dani Fano marrazkilaria hiru biñeta solte

 

Ingurura begiratuz ¿nola ikusten dezu Komikiaren garapena Euskal Herrian? eta munduan zehar?

Asko aldatu da azken 10-15 urteotan. Asko zabaldu da komikiaren mundua, ireki dela esango nuke. Bai Euskal Herrian eta bai mundu zabalean. Jorratzen diren gaiak era askotarikoak dira orain, eta baita proposamen artistikoak ere. Oso zaila da gaur egun, irakurle bezala, gustuko gauzaren bat ez aurkitzea. Denetatik dago, eta komiki on asko dago. Egileen egoera prekarioa ordea, ez da batere aldatu. Baina, tira, behintzat lehen baino aukera gehiago dago proiektu pertsonalak aurrera eramateko.

Dani Fano marrazkilaria Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak

 

Duela gutxi estreinatu berri dezu zure azken nobela grafikoa. Zer kontatu diezagukezu  “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” zure azken nobela grafikoari buruz?

Zortzi urte behar izan ditut lan mardul hau egiteko. Mardula izan da baina ikaragarri gozatu dut prozesuan eta asko ikasi dut. El Salvadorreko sindikalista baten biografia da, bere hamabi jaiotzen edo berpizteen bidez kontatuta. Bertako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen. Gidoia Eduardo Galeano eta Roque Daltonen testuetan oinarritu dut. Ametsa izan da lan hau burutzea. Hemen Astiberri argitaletxeak kaleratu du gaztelaniaz eta euskaraz, eta El Salvadorren Hitzaren eta Irudiaren Museoak argitaratu du.

Eta etorkizunera erreparatuz, beste proiektu berririk eskuartean edo buruan?

Bai. Hasi naiz hurrengo elkarlanarekin. XABIROI komiki-aldizkarirako sail bat marraztuko dut. Jazinto Rivas Elgeta trikitilariaren inguruko istorio eder bat. Koldo Izagirrek egingo du gidoia eta Garluk Agirrek emango dio kolorea. Azken urteetan bakarka lan egin ostean gogo handia dut talde lanean aritzeko. Datorren urteko ekainean aterako da lehen atala.

Dani Fano Los doce nacimientos de Miguel Mármol

 

Gure ikasle komikero eta marrazkilariei, zein aholku emango zenizkioke?

Saiatu aurkitzen zerk mugiarazten zaituen, zein diren zure pasio eta grinak, eta behin aurkituta gogor lotu horietara. Gauzak pasioz egiten ditugunean eman ohi dugu gure onena, bestela nekez. Zuen grina marraztea baldin bada marraztu, marraztu eta gehiago marraztu. Irudigilearen lana jardunean ikasten da.