Aritz Trueba marrazkilariari elkarrizketa: Buyan komiki historiko fantastikoa

Aritz Trueba eta Buyan: mongoliako komiki historiko fantastikoa

Askotan gabiltza sarean zehar diseinu, argazki edo marrazki munduko harribitxien bila. Klasera eramateko, inspiratzeko, elkarrizketatzeko. Batzutan, guzti horien artean, deskubrimendu handiak egiten ditugu. Hala izan da oraingoan. Euskal komikilarien artean begira, orain martxan jarri den proiektu handi batekin egin degu topo. Gaurkoan, estreinaldi moduko bat dakargu honera.

 Zirrara handiz, oraindik argitaratu gabe dagoen Buyan komiki historikoa aurkeztera gatoz hona. Beraz, zuekin, mogoliar, teutoniar, aintzinako gerlari eta ehiztarien artean,  Aritz Truebari hamabi galdera.

Zuk, Aritz, animazioa landu duzu batik bat orain arte. Nolakoa izan da zure esperientzia mundu zail horretan?

Animazio eta ilustrazioaren mundua betidanik erakargarria iruditu zait eta Arte Ederrak ikastearen arrazoi nagusi bat hau izan zen. Hala ere, garai hartan… izango dira hamar urte baino gehiago.. esparru hau ez zegoen horren garatua eta animazio sistema guztiz analogikoa zen. Orriz orrika egiten genituen marrazkiak argi mahai baten laguntzarekin. Orain gauzak asko aldatu dira.

Sirimirifilms animazio eskolak industriak garai hartan eskatzen zuen animazio prozedura ezagutzeko aukera eman zidan. Animatzeko sistema unibertsitatean ikasitako berdina zen baina antolaketa, aurkezpen eta epeen kontzeptuak ondo ikasi nituen garai hartan.

Orriz orri animatzeak eta marrazki bakoitzaren mugimendua kamara batekin kapturatzeak sinetsidazu zure lanarekiko disziplina eta ardura handia sortzen duela. Digitalizaziok eta software berrien garapenak lan sistema honen azkartzea ekarri zuen, eskerrak!!!

Urte batzuk pasata, digitalean marrazteko eta animatzeko aukera ematen zuten programak erabiltzera ohitu nintzen. Miramongo enpresa bioteknologiko batekin harremanetan jarri nintzen eta beren zerbitzu eta produktuen animazioak garatzeko aukera eman zidaten. Pentsa zelako aldaketa!! “Hirukiak” marrazki bizidunak egitetik, Bostoneko azoka bioteknologikoan ama zelulen animazioak erakustera pasa nintzen.

Bi adar hauen, artearen eta zientziaren loturak, Ikastolen Elkartera eraman ninduten. Badira bost urte hemen nagoela eta denbora tarte honetan proiektu diferenteetan parte hartzeko aukera izan dut: ikas materialetako CD romen animazioak eta irudiak egiten hasi nintzen eta gerora museoetarako animazioak, DVD marrazki bizidunak, interneterako ikas arloen animazioak eta ilustrazioak. Beti digitalean egiten dut lan, jendea harrituta gelditzen da nire mahai inguruan pintzelik edo marrazkirik topatzen ez duenean.. horrek ez du esan nahi mahaia hutsik dudanik.
Aritz Trueba_komiki_bogatir

Azken aldian, hala ere, komiki batekin buru-belarri zabiltzala jakin dugu. Nondik sortu zaizu arlo berri horretara jauzi egiteko aukera?

Ikastolen elkartetik ezagutzen nuen jendearekin ari naiz komikia egiten. Martin eta Xabier Etxeberria anaiekin Zootropo ipuin animatuen proiektuan batera aritu nintzen, haiek idatzi zituzten istorioetan oinarrituta baitzeuden animazioak, nire “Moro katua” tartean. Elkarrekin beste zerbait egiteko gogoa genuen eta aukera ezberdinei buruz hitz egiten hasi ginen. Beraiek bazuten ideia bat, mitologia, gertakari historikoak eta abenturak nahasten zituen argumentu bat, eta horri heldu genion.

Beste animazio bat egitea zen hasieran asmoa, baina gerora, istorioak zeukan luzera eta ezaugarriak kontutan hartuta, beharbada komiki formatuan egitea egokiagoa zela ikusi genuen. Ikastolen elkarteko lankide dudan eta Sirimiri Films eskolan nire irakasle izandako Jon Mikel Udakiolaren esperientzia eta ekarpena ere erabakiorra izan zen komikiaren alde egiteko apustu horretan.

Paperezko produktu hutsera ez genuela mugatu nahi argi genuen hala ere, eta Josu Igoa informatikaria –ikastolen elkarteko lankidea bera ere- bildu genuen taldera, proiektuak teknologi berrien arloan ere dimentsio sendoa eduki zezan.
Aritz Trueba_komiki_lantaldea

Bost zarete beraz Bortz talde horretan. Nola banatzen dituzue sorkuntza lanak?

Alde batetik, bakoitzak bere eginbeharra ondo zehaztua dauka: Josuk IKTei dagokien guztiaren ardura dauka (web orria, digitalizazioa, aplikazioak…), Etxeberria anaiek gidoiaren idazketa, Jon Mikelek muntaketa eta produkzio zuzendaritza eta neuk, nolabait esateko zati artistikoa, hau da, irudien marrazketa eta estiloari dagokion guzti-guztia.

Hori horrela izanik ere, elementu gehienak talde gisa lantzen saiatzen gara, eta bata bestearen eremuan asko sartzen gara ondorioz: marraztu ahala, argumentuari ekarpen asko egiten ari gara Jon Mikel,Josu eta hiruok esate baterako, marrazketa estiloari buruzko iritziak ematen dizkidate Etxeberriatarrek, Josuri webaren egiturari buruz nik… Denok denaren partaide sentitzeko beharrezkoa dela hori uste dut eta, gainera, erabat sinetsita nago horrek aberastu egiten duela bukaerako produktua. Zerbait egiten ari zaren bitartean ondo pasatzen duzunean, emaitzan islatu egiten da hori azkenean.
Aritz Trueba_komiki_mongolak

Beno, eta hitz egiguzu pixka bat Buyanetaz. Zertaz doa komikia? Zein ezaugarri ditu proiektu horrek?

Buyanen ideia originala Etxeberria anaiek aurkeztu ziguten. Komiki historiko fantastikoa dela esan genezake, 1230. hamarkadan kokatzen duguna, mongoliarrek Europa banatu bat konkistatu behar zutenekoa eta bestetik soldadu teutoniarrak ekialderuntz zabaltzen ari ziren garaikoa. Saltsa honen erdian gure pertsonaia kokatzen dugu. Maansi, Nenetsia herrialdeko ehiztari bat eta bere txakurra Urk, arrazoi ezezagun batengatik Buyan irla misteriotsura heldu nahi dutenak. Bidaian, gerrak eta kulturak ezagutzeaz gain, izaki mitologiko eta pertsonaia bereziekin egingo dute topo.

Komikiaren edukia oso aberatsa da eta Etxeberritarrak gogotsu dabiltza dokumentazio lanetan, gehiegitxo esango nuke nik!! Bost komiki aurreikusten dituzte eta lehenengo honek 120 orri edo izango ditu… pentsa zenbateko denbora eskatuko digun guzti hau burutzeak…. bai, hobe ez pentsatu eta lasai hartzea. Eta horrela gabiltza, egindako lanari begirada bat emateko ahal dugunean bilerak adostuz eta zergatik ez, kaña pare bat ere. Lehenengo komiki hau etorkizunean etor daitezkenen lanen oinarria izango da eta era berean autonomoki ere jokatu beharko du, beraz, ondo aztertu nahi dugun proiektua da.
Aritz Trueba_komiki_boyardoak

Talde moduan garatzen duzuen lehenengo komikia da?

Bai, hala da. Ikastolen Elkartean hainbat proiektu atera ditugu elkarrekin eta ondo ezagutzen dugu elkar. Dena dela, hau gure lehenengo komikia da eta zeinbat alderditan igartzen da. Bai komikia egiteko garaian, baita lan egitekoan ere.

Jon Mikel Udakiola taldekideen artean komiki zale nagusiena da eta berak markatzen du gidoia zenbat eszenatan banatu behar den eta zelako erritmoa izan behar duen. Jon Mikelek horrelako produkzio lanetan esperientzia du eta joan zen urtean adibidez III. Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa irabazi zuen Xabier Etxeberria (gidoilaria) eta Javier Ojuel (marrazkilaria) beste taldekideak zirelarik.

Josu Igoak komikiekiko duen interesaren berri ere banuen eta elkarrekin hainbat proiektu multimedia garatu ditugunez, honetan ere gurekin egotea ezinbestezkoa iruditzen zitzaigun. Komikia paper euskarrian ateratzeaz gain, digitaltasunak eskaintzen dituen abantailak proiektua aberatsagoa egingo du eta Josu lan hau aurrera ateratzeko ideala da.

Niri dagokionez, komiki munduan dudan esperientzia ikastola garaian hasi daitekeela esan daiteke. Koldo Mitxelena eta Mari Karmen Alzueta komiki lehiaketetan sariduna izan naiz, baina komikigile baino ilustratzaile bezala ikusten dut nire burua. Buyan, komiki zinematografiko baten moduan hartzen dut, biñetak pelikuletako planoak izango balira bezala eta hauek marrazten ditudanean telesail eta pelikula ezagun askoren irudiak etortzen zaizkit burura. Noski, Buyan marrazteko garaian beste komiki batzuen eragina ere dudala konturatu egiten naiz: Akira, Blacksad, 300, Temudjin… Eszenak marrazteko garaian soinu banda egoki batek ere asko laguntzen du komikiaren istorioan murgiltzeko… sorkuntza prozesua berezia da kar kar kar.
Aritz Trueba_komiki_buyan2

Sorkuntza prozesua aipatu duzula, zehaztu zenezake zein den zurea?

Eszenetan banatuta dugun gidoiak testu bakoitza zein orritan joan behar duen adierazten du. Hau horrela izanda, konposaketa bere osotasunean ikusi ahal izateko photoshopean 2 orri txuri irekitzen ditut parez pare jarrita. Lehenengoz, biñeten antolakuntza nolakoa izan daitekeen imaginatuz, testuak espazio garbi honetan txertatzen ditut . Ondoren, marrazkiak zirriborratzen hasten naiz eta hasiera batean imaginatzen nuen distribuzio hura berplanteatzen hasten naiz. Behin zirriborroak eta biñeten antolakuntza nahiko definituta dudanean marrazkiak garbira pasatzen hasten naiz.

Oraingoz marrazkiei kolorea sartzeko denborarik ez dugu izan. Dena dela, albuna aurrera doan heinean gustoko ditugun adibide berriak topatzen joan gara, koloreen tratamenduari arreta berezia jarriaz.

Trueba_komiki_buyan3

Adibidea diozunean, kopia esan nahi duzu?

Kopia baino dokumentazio hitza nahiago dut. Pentsa zerotik hasten dugun komikia dala. Orria guztiz hutsa duzu eta nondik hasi? Protagonistatik adibidez, Maansi Nenetsiako ehiztari gazte bat da. Neneten inguruan informazioa bilatzen hasi ginen. Interneten kultura honen inguruan informazio eta argazki izugarriak topa ditzazkezue.

Hauen lehenengo zirriborroak marrazten hasi nintzen eta taldekideen ekarpenak jasotzen nituen; nik gazteago imaginatzen nuen, altuagoa, apalagoa, maltzurragoa… askotan pertsonaiak irudikatzeko, zine aktore ezagunen artean kasting moduko bat egiten dugu. Honela behintzat gure protagonistak marrazten hasteko eredu bat badugu. Hauen garapena ez da guztiz amaituko komiki osoa zirriborratu arte. Horrenbeste orri marrazteak, detaile berriak deskubritzera eramaten zaitu.

Pertsonaien ezaugarri fisikoez gain janzkerak ere kontutan hartu behar dira. Izan kontu kultura diferenteetaz hitzegiten ari garela; arkitektura, erlijioa, armak, zaldiak… mapak!!!

Aritz Trueba_komiki_buyan1

Internet informazio iturri modura erabiliko duzu

Bai noski, datu guzti hauek topatzeko ezinbestezkoa dut internet. Argazki kamara digitala ere askotan erabiltzen dut. Bai paisaia baten perspektiba zehatz bat lortzeko, baita pertsonaia baten pose jakin bat behar dudanean ere. Kasu honetan, nahi dudan postura zirriborratzen dut lehenengo eta zirriborro hori eredu dudala, nire buruari pose horretan argazki bat ateratzen diot (ez beti). Zaldiak marraztu behar ditudanean lau hanketan jartzen naiz… broma!! Zortea dut arreba zaldi txapelketetan ibilltzen dela eta aukera izaten dut egun horietan argazki mordo bat ateratzeko. Sistema honen arazoa marrazkiak nahiko errealistak gelditzen zaizkizula da, beraz, atera dudan argazki hori eredutzat edo informazio iturri bezala hartzen dut.

Aritz Trueba_komiki_maansi2

Proiektu potoloa dirudi Buyan, zuen lehen komikia izateko ez al zarete ausartegi jokatzen ari?

Lanetik kanpo eta elkarlanean ateratzen ari garen proiektu bat da, horrek ekartzen dituen zailtasun eta abantailekin. Ez dugu denbora edo epe mugarik, ezta ekonomikorik ere, kide bakoitzari gustatzen zaigun esparruan sakontzen ari gara… arrakastatsua izango den? Ez da helburu nagusia. Ilusionantea izatearekin konformatzen naiz.

Aritz Trueba_komiki_mongol1

​Komikigintza modan dago?

Ba ez dakit modan dagoen ala ez. Egia da tokatzen zaidan parteagatik orain, komikien egitura eta estilo diferenteei arreta gehiago jartzen diodala eta inguruko lagun komikizaleen iritziak ere kontutan hartzen ditudala. Sare sozialen bitartez ere mundu mailako ilustratzaile askoren lanak jarraitzen ditut, merkatuan mugitzen denaren argazki zabalago bat izateko.

Azterketa honetan espero nuena baino afizio gehio dagoela konturatu naiz. Orain, komikien salmenta zenbatekoa den ez dakit.

Aritz Trueba_komiki_mongol2

Zeintzuk dira erosi dituzun azken komikiak?

Juanjo Guarnidoren azken albuma “Blacksad – Amarillo”, Antoine Ozanamen “El canto de los sables” eta Maite Gurrutxagaren “Habiak”.

Aritz Trueba_komiki_mongol3

 Eta etorkizunera begira, non ikusten duzu zure burua?

Komikia txukun amaitzearekin lasai gelditzen naiz. Badaramagu urte bat baino gehiago proiektu honetan lan egiten eta oraindik ere badugu zer egin. Gerora baloratuko dugu zelako jarraipena eman proiektuari, nahiz eta ideia asko buruan izan nahiago dut ezer ez aurreratu…

Aritz Trueba_komiki_nestor

Erantzun bat “Aritz Trueba marrazkilariari elkarrizketa: Buyan komiki historiko fantastikoa” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.