biga diseinatzaileei elkarrizketa
diseinu grafikoa, webguneak eta sormena
Biga diseinu grafikoan eta web garapenean espezializatutako estudioa da, azken urteetan bilakaera esanguratsua izan duena. Jon Anderrek duela bost urte freelance gisa hasitako bideari, 2020 amaieran Ione Iriarte batu zitzaion, proiektua formalizatuz eta gaur egungo estudio forma emanez. Nortasun bisual osoak eta webgune malguak sortzeagatik nabarmentzen dira, betiere sormena, bezeroarekiko konfiantza eta lan-prozesu zainduak ardatz hartuta.
Energia asko eskaini diozue diseinu grafikoari, bai digitalean, bai paperean. Esango
diguzue nolakoa izan den bilakaera Bigaren hasieratik gaur arte?
Gure enpresak bilakaera esanguratsua izan du hasieratik gaur arte eta harro gaude orain
arte egindako bideaz.
Duela bost urte, Jon Anderrek freelance gisa hasi zuen bere ibilbidea, tokiko bezeroentzako diseinu grafikoko lanak eginez; hala nola, kartelak, logotipoak eta flyerrak. Lehen enkargu horiek, apalak izan arren, gaur egun garenaren oinarriak ezarri zituzten.
Denborarekin, proiektuak eskalan eta konplexutasunean hazten joan ziren, eta, horri esker, gure irismena zabaldu ahal izan genuen webguneak eta identitate bisual osoak sortzeko.
Hazkunde organiko horrek erakutsi zigun eskari gero eta handiagoa zegoela gure
zerbitzuengatik eta prest geundela hurrengo pauso bat emateko.
Benetako inflexio-puntua 2020 amaieran iritsi zen, Ione Iriartek proiektuarekin bat egin
zuenean. Aurten Bigaren sorrera formalizatu dugun arren, Ioneren etorrera funtsezkoa izan zen gure jarduera egitura definitu, anbizio handiagoko azterketa egin eta estudio forma ematen hasteko.
Azken ia lau urte hauetan ikaskuntza- eta prestakuntza-prozesu etengabean egon gara,
gure trebetasunak hobetzen eta gure gaitasunak zabaltzen. Ahalegin horri esker, proiektu handiago eta konplexuagoei ekin ahal izan diegu, web diseinu eta garapen eta identitate bisualetan espezializatuz.
Identitate bisuala enpresa baten irudiaren funtsezko zati bat da. Zuen sormen-prozesua deskriba dezakezue bezero batentzako identitate bisual berri bat garatzean?
Identitate bisual berri bat garatzeko gure sormen-prozesua integrala eta kolaboratiboa da.
Hasierako bilera eta analisiarekin hasten gara, bezeroa eta bere negozioa ezagutu, balioak eta epe luzerako ikuspegia sakon ulertzeko.
Lortutako informaziotik abiatuta, sektorearen ikerketa sakona egiten dugu eta kontzeptuaren garapena inspiratu eta gida dezaketen erreferentzia bisualak aztertzen ditugu. Horren barruan sartzen da egungo joerak aztertzea, konpetentzia identifikatzea eta markarekin lotutako elementu bisualak aztertzea.
Honekin, kontzeptu sortzailea lantzen hasten gara. Horren barruan sartzen da kolore-paleta, tipografia, formak eta identitateari lagunduko dion beste edozein elementu bisual definitzea. Fase honetan, hainbat ideia zirriborratzen dira eta hainbat ikuspegirekin esperimentatzen da.
Kontzeptua ondo garatu ondoren, bezeroari proposamen bat edo gehiago aurkezten dizkiogu. Proposamen bakoitza justifikatu eta xehetasunez azaltzen da.
Bezeroaren feedbacka jaso ondoren, beharrezko doikuntzak egiten ditugu, ezarritako espektatibak eta helburuak betetzen dituen arte.
Azkenik, adostutako elementu bisual guztiak entregatzen ditugu.
Nabarmena da zuen espezializazioa web diseinuan eta identitate bisualean. Zein edo zeintzuk izan da proiekturik desafiatzaileena alor horietan, eta zergatik?
Proiektu gehienek daukate bere desafio puntua, ia denetan ditugu erronka berriak eta denetatik ikasten ditugu hurrengo proiektuetan aplikatzeko gauza berriak.
Burura etortzen zaizkigun proiektu desafiatzaile batzuk hauek dira: denda online solidario baten garapena, jatetxe baterako murala diseinatzea eta musika jaialdi baterako euskarri desberdinak egitea identitatea aplikatuz.
Web diseinuaren munduan, teknologia eta joerak azkar aldatzen dira. Nola mantentzen zarete egunean azken joera eta teknologiekin? Zein tresna eta software jotzen dituzue funtsezkotzat zuen lanerako?
WordPressekin lan egiten dugu gure webguneak garatzeko plataforma gisa, eta Divi plantilla erabiltzen dugu, merkatuan ezagunenetakoa eta moldakorrenetakoa dena. Divi erabiltzearen abantaila da komunitate handia eta aktiboa duela atzean, eta horri esker, baliabide, tutorial eta berritasun ugari eskura ditzakegu. Gure proiektuetan tresna horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko azken eguneraketak etengabe irakurtzen eta ikusten aritzen gara.
WordPress aukeratzen dugu software librea delako, webguneak zerotik diseinatzeko eta garatzeko malgutasuna ematen digulako, bezero bakoitzaren behar espezifikoetara erabat egokituz. Webgune erakargarriak sortzeaz gain, erabiltzailearen esperientzia eta errendimendua hobetzeko aukera ematen digu.
Bezeroekiko lankidetza funtsezkoa da zuen lanean. Nola maneiatzen dituzue bezeroaren harremana eta gogoak proiektuan zehar? Nola heltzen diozue zuen bezeroen balioak eta misioa eraginkortasunez komunikatzeko erantzukizunari? Partekatu al dezakezue nola integratzen duzuen bezeroaren feedbacka zuen proiektuetan, diseinuaren osotasuna arriskuan jarri gabe?
Gure estudioan, bezeroarekiko harremana funtsezko pieza da edozein proiektuk arrakasta izan dezan. Hasieratik, bezeroarekin konfiantzazko harreman sendo bat eraikitzen saiatzen gara, bere ideiak eta beharrak esku onetan daudela ziur senti dezan. Uste dugu elkarrekiko konfiantza hori garrantzitsua dela edozein proiektutan modu arin eta eraginkorrean aurrera egiteko. Lortzen ez bada, litekeena da proiektua gelditzea eta bere potentzial handiena ez lortzea.
Badakigu bezero bakoitza desberdina dela eta bere lehentasunak dituela. Hala ere, beti saiatzen gara proiektua diseinu profesionalaren ikuspegitik bideratzen, funtzionaltasuna eta eraginkortasuna lehenetsiz norberaren gustuen gainetik.
Proposamen berritzaileekin aurrera egiteko ahaleginak egin arren, batzuetan, bezeroak bere nahietara gehiago egokitzen diren alternatibak hobetsi ditzake. Hau etengabeko erronka da diseinuaren munduan, eta pazientzia eta komunikazioarekin heltzen diogu. Bezeroa hezten saiatzen gara, erabilgarritasunari eta negozio-helburuei dagokienez funtzionatuko duen diseinu baten garrantzia esplikatuz, baina haren ikuspegia ere errespetatzen dugu, eta beharrezkoa denean egokitzen gara. Badakigu, kulturalki, oraindik asko dagoela hobetzeko diseinu profesionalari dagokionez, baina ikuspegi funtzionalagoa eta emaitzetara bideratua sustatzen jarraitzeko konpromisoa dugu.
Bezeroarengandik feedbacka jasotzen dugunean, kontu handiz integratzen dugu proiektuan, diseinuaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Gure ikuspegia oreka bat aurkitzea da bezeroaren ideien eta gure esperientzia profesionalaren artean.
Sektore eta bezero mota askorekin lan egin duzue. Ba al dago bereziki inspiratzailea den sektorerik edo proiektu-motarik?
Guretzat pribilegioa da hainbat sektore eta bezero motarekin lankidetzan aritzea, proiektu bakoitzak zerbait berria eta aberasgarria ikasteko aukera ematen baitigu. Hala ere, askotan tokatu zaigu kultura arloko eta ostalaritza sektoreko proiektuekin lan egitea eta kultura bereziki sektore inspiratzailea iruditzen zaigu.
Hainbat kultura proiektutan lan egiteko zortea izan dugu eta horietako bakoitzak eta kulturak berak bere forma guztietan, kontzeptuetan, istorioetan, emozioetan eta publikoarekin maila sakonagoan konektatzen duten diseinuak sortzeko aukera eman digu.
Sormena da edozein diseinu estudioren bihotza. Nola sustatzen duzue sormena Bigaren lantaldean?
Sormena da, zalantzarik gabe, Bigan gure lana bultzatzen duen motorra, eta hori sustatzea funtsezkoa da inspiratuta mantentzeko eta gure bezeroei irtenbide berritzaileak eskaintzeko.
Sortzaile gisa dugun bizimoduak berebiziko garrantzia du prozesu honetan. Jon Ander, adibidez, musikan buru-belarri sartuta dago talde bateko bateria gisa, eta horrek aukera ematen dio diseinuan bere sormen-ikuspegian eragina duten erritmoak eta dinamikak aztertzeko. Ione, bestalde, dantzaren munduari lotuta egon da urte askotan, mugimenduari, espazioari eta adierazpenari buruzko diziplina batean, eta elementu horiek ere islatzen dira estudioko lanean.
Estudioan bertan, sormena sustatzen dugu, eta etengabeko kontaktua mantentzen dugu diseinu grafikotik haratago doazen ikus-entzunezko erreferentziekin. Zineman, arkitekturan, musikan eta beste arte forma batzuetan oinarritzen gara, eta horrek aukera ematen digu proiektuak ikuspuntu askotatik ikusteko eta gure proposamenak ideia original eta anitzekin
aberasteko. Gainera, gure ustez, lan-inguruneak espazio inspiratzailea izan behar du eta gure sormena elikatzen duten estimuluz inguratuta gaudela ziurtatzen dugu.
Azkenean, sormena estudioaren barruan zein kanpoan lantzen dugun zerbait da, eta esperientzien, naturaren, bidaien, kultura eta leku berriak ezagutzearen, interesen eta grina pertsonalen nahasketa horrek egiten ditugun proiektu horiek betetzen dituzte.
Talde-lana funtsezkoa da diseinu-estudio batean. Kontatuko diguzue nolakoa den Bigaren barruko lan-dinamika eta nola ziurtatzen duzuen lankidetza eraginkorra?
Bigan, talde-lana funtsezkoa da proiektu bakoitzak arrakasta izan dezan, eta erabateko komunikazioa izaten ahalegintzen gara, proiektu bat sartzen den unetik amaitzen den arte. Biok prozesuaren etapa bakoitzean sartuta gaude, eta horrek aukera ematen digu proiektuak nola eboluzionatu behar duen eta une bakoitzean zer puntutan dagoen ikusteko.
Gutako bakoitzak proiektuaren barruan rol zehatz bat duen arren, beti gaude irekita bestearen ideiak emateko eta jasotzeko.
Elkarrengan dugun konfiantza osoak eragiten du dinamika horrek hain ondo funtzionatzea. Badakigu bestea hor egongo dela zeregin bakoitzean onena emateko.
Iraunkortasuna gero eta gai garrantzitsuagoa da alor guztietan, diseinu grafikoa barne. Nola integratzen dituzue praktika jasangarriak zuen proiektuetan?
Gure diseinu-erabakiek ingurumenean izan dezaketen eraginaz kontziente, inpaktu hori minimizatzen duten materialak eta prozesuak erabiltzen ditugu. Adibidez, ahal den guztietan, paper birziklatuak hautatzen ditugu.
Bestetik, gure estudioa oso argitsua da eta argi naturala erabiltzen dugu ahal dugun guztietan.
Diseinu digitalari dagokionez, energia gutxiago kontsumitzen duten webgune optimizatuak sortzera bideratzen gara. Horren barruan sartzen da orrialde arinak garatzea, irudi astunen erabilera murriztea eta errendimendu orokorra optimizatzea.
Etorkizunari begira, zer helburu eta asmo dituzue Bigarentzat datozen urteetan?
Sortzaile moduan hazten jarraitzea da gure helburua, esperientzia berriekin aberastuz eta egiten dugun horretan etengabe hobetuz. Argi daukagu estudio txiki gisa jarraitu nahi dugula, biok izaten eta hazi ez bolumenari dagokionez, baizik eta eskaintzen ditugun zerbitzuen kalitateari eta parte hartzen dugun proiektu berri eta interesgarriei dagokienez.