Maite Gurrutxaga ilustratzaileari elkarrizketa

Marrak, marrazkia sortu zuen. Marrazkiak irudia irudikatu. Irudiak irudimena.  Irudimenak pertsona egiten gaitu. Ordenu horretan al da? Ez dakigu, baina batzuetan, oso urrutira joan gabe,  marrazkiz sorturiko irudimenezko mundu txundigarriekin topatzen gera.
Marraztutako unibertso ezezagunak. Beste eskala batetara eramaten gaituen teleskopio edo mikroskopioaren moduan dabiltzan ilustrazioak. Jakinmina pizten duten tresna magikoak bailiran, lerro soil batzuk, forma sinple batzuk, kolore sutil batzuk gure barnea mugitzeko boterea dute. Begirada esnatzeko aukera dutelako. Irudimena proiektatzeko ahalmena dutelako. Gaurkoan irudimenaren tresna magikoak leuntasunez erabiltzen dituen ilustratzailea dator gure artera.

Interviú hau idazten ari garen bitartean Euskadi Literatur sarien  ilustrazio atalean irabazle suertatu dela argitaratu berri da. Ongi merezitako sariagaitik zorionak beraz!

Gaurko solaskidea: Maite Gurrutxaga.

 

hasteko, aurkezpena, nor da eta nolakoa da Maite Gurrutxaga?‬

Maite Gurrutxaga naiz, eta Amezketan jaio nintzen 1983an. Arte Ederrak ikasi nituen Bilbon eta Bartzelonan. Arte Ederrak ikasten ari nintzela konturatu nintzen ilustratzea zela nik egin nahi nuena eta  horregatik ilustrazioa ikasi nuen ondoren Bartzelonako Escola de la Donan. Nolakoa naizen? Ba langilea naizela esango nuke, ilustrazioaren munduan langilea izatea ezinbestekoa da nere ustez, eta nere lanbidea asko gustatzen zait (horregatik langilea izatearena, suposatzen dut), hori ere ezinbestekoa da ilustratzaile izateko.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea leohia O batekin


Zorionak! Euskadi Literatura saria irabazi berri dezu ilustrazio arloan Habiak komikiarekin, espero al zenuen? Zer sentitzen da? Nola izan da?

Eskerrikasko! Ba egia esateko gauza hauek ez dira espero izaten, nik behintzat ez nuen espero.

Nik poz handia sentitu nuen, ta onartu beharra daukat urduritasun pixka bat ere sentitu nuela deia jaso nuenean, sinistea ere pixka bat kostatzen zitzaidalako. Egindako lan guztia errekonozitua sentitzeak ere asko hunkitu nau. Ondoren jendearen zorion hitzak etorri dira, eta horiek ere oso pozgarriak izan dira neretzat.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea habiak Euskadi Literatur Saria


nola sartu zinen ilustrazioaren munduan?‬

Lehenengotariko lana Kerobiaren diska baterako liburuxkarako irudiak egitea izan zen. Kerobia taldekoek nere lan orduan txikia pixka bat ezagutzen zuten eta konfidantza ipini zuten nigan, eta hori izan zen egin nuen lehen lana. Lehen lan horietatik hona asko ikasi dut, eta asko aldatu da nere lan egiteko modua, baina prozesua ezinbestekoa izan da hobetzeko eta ikasteko, horregatik lehen aukera horiek garrantzitsuak jotzen ditut. Autoedizioa ere interesgarria da neretzat, norberaren ideiak eta lan moldeak ezagutzen eta aukeratzen joateko, eta lanbidea ulertzen laguntzen duela ere esango nuke.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea txoria Y batekin

formato txikietan jarduten zara sarri. Zer duzu gustoko formato horretan?‬

Bozeto liburuetan marrazki txikiak ateratzen zaizkit sarri.

Bozeto liburu edo sketchbooketan intuizioz egiten dut lan, pentsatu gabe gehienetan, beraz, uste dut nere izaeraren parte izango dela txikitasunera jotzeko joera hori, nitaz hitzegiten duen zehozer. Bozeto liburuak horregatik dira interesagarriak neretzat, marrazkiak egin eta denbora batera begiratzen ditudanean nitaz hitz egiten didate, eta beraietatik ikasten dut.

Maite Gurrutxaga ilustratzaileaneska esku batetik zintzilik



gustora jarduten gara zure ilustrazioak ikusten. Zein ilustratzaileren lana ikusten dezu zuk gustora?‬

Asko daude! Ilustratzaile eta baita komikigileen lanak ikustea eta irakurtzea gustatzen zait, nere ustez marrazkiak irakurri egiten baitira: Beatrice Alemagna, Jesus Cisneros, Paco Roca, Manuele Fior, Carmen Segovia, Luci Gutiérrez, Isidro Ferrer, Pep Carrió, Saul Bass, Elena Odriozola, Lewis Trondheim, Philip Waechter etab. luze bat. Lagunen lanak ere gustatzen zaizkit eta jarraitzen ditut: Irkus m. Zeberio, Inés Sánchez, Ane Zaldibar, David de Las Heras, Idoia Beratarbide…

Ilustratzaile eta komikigileen lana jarraitzea gustatzen zait, baina ez dut hortik bakarrik harnasten, zinema, liburuak… ere ikasbide ederrak direla uste dut.

Maite Gurrutxaga ilustratzaileaneska zaldi lasterketa basoan

 


hainbat liburu ilustratu dituzu. Nola da textu bat ilustratzearen prozesua?‬

Lehenik eta behin, eta garrantzitsuenetakoa dela uste dudana da, testua norbereratu eta murtxikatzea. Behin testuaren gainean pentsatu ondoren eta hau barneratua dagoenean, lanean jartzeko ordua da.

Nik egun batzuk lanari barruan pausatzen uzten diot, ahal bezain beste, eta behin barneratua dudala uste dudanean hasten naiz lanean. Pertsonaiak eta hauen inguruak sortzen ditut lehenengo, nolakoak izan beharko luketen erabaki. Ondoren bozetoak egiten ditut, bozetoen sortze prozesua ere garrantzitsua da, eskuak aske egiten du lan, forma hartzen du proiektuak. Teknikak aukeratu, eta amaierako erantzuna bilatzen dut gero. Fisikoan lan egitea gustatzen zait, hau da, eskuz, pintzelekin, arkatzekin, tintekin, eta paperaren gainean. Gero digitalizatu egiten dut, eta azken ikutuak ordenagailuz eman, gero argitaletxera edo inprentara bidaltzeko, baina eskuz eginiko prozesua da neretzat garrantzitsuena.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea balea etxearekin gainean


zer da EDO argitaletxea? zein da zure papera bertan?‬

Edo! Argitaletxea egitasmo interesgarri bat da. Musutruk lan egiten duen talde batek, merkatuan aurkituko ez zenituzkeen liburu horiek argitaratzea du xede. Urtean liburu sail bat ateratzen dute, eta hau ondoren liburu horiek jasoko dituzten bazkide eta harpideen ekarpenaren bidez lortzen da. Harpide edo bazkideak diru kantitate bat jartzen du, eta ondoren urtean zehar Edo!k argitaratutako liburuak jasotzen ditu ordainetan.

Ni Edoko bazkide naiz, eta 2013. Urtean alderik alde bozeto liburuen konpilazioa argitaratu nuen argitaletxe honekin.

Bozeto liburuen konpilazio hau argitaratzea opari bat izan zen neretzat, nere lan pertsonalena dela esan baitezaket. Orain, bazkide bezela, Edo!ko liburuak jasotzen ditut urtero. Goxokiak bezela dira.

Ez dakit ondo azaldu dudan, beraz, beraien web orria bisitatzera gonbidatzen zaituztet:

www.argitaletxeaedo.org

Maite Gurrutxaga ilustratzailea lamia irakurtzen liburuen egunerako ilustrazioa


nola ikusten dezu marrazkilari profesionala izatearen aukera?‬

Lanbide hau ez da batere erreza. Gehienetan norbera da nagusi, administratzaile, gestore, agente etab. Norberak egin behar ditu lan guzti horiek gehienetan, ez da marraztea bakarrik. Beste alde batetik lan oso ederra dela pentsatzen dut, eta eguneko ordu gehienak marrazten pasatzea plazer handia da neretzat.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea sorginak eta erregea


begiak itxi, ireki eta zein izango litzateke gustoren egingo zenuken ilustrazio lana?‬

Asko leudeke eta ezingo nuke aukeratu, gauza askok erakartzen naute, album ilustratuek, komikiek, ipuiek eta nobelek, klasikoek eta gaur egungoek… Baina bai badakit hunkitzen nauen proiektu bat izatea nahiko nukela, lanak hunkitzen nauenean gustorago egiten dudalako lan. Hunkitzen nauen lan batek erabat inplikatzera eramaten nau eta erantzuna ere hobea izaten dela uste dut.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea erregina


ze tresna erabiltzen dituzu marrazteko? ordenagailua erabiltzen al dezu ere?‬

Lehen esan bezela, teknika tradizionalak gustatzen zaizkit: tinta txinatarra, arkatza, akuarelak, axotak… eskuz lana egin eta tresna hauek eta papera sentitzea gustatzen zait. Perspektiba hobea izaten dudala uste dut gainera eskuz lana egiten dudanean, hobeto bisualizatzen dut lana, ez dakit zergatik. Ondoren, lana paperean erresolbituta dagoenean, eskaneatu egiten dut, ordenagailura eraman, eta bertan orbanak garbitzen ditut, koloreak konpondu digitalizatzean aldatu badira… Ez da ordenagailuari mania diodala, ordenagailua tresna baliotsua eta baliogarria da, eta bere onura guztietaz baliatzen saiatzen naiz, baina papera eta pintzelekin gustorago egiten dut lan, hautu pertsonal bat da.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea liburuaren eszenak

zure lanaren jarraipena eginik, trazoa askatzen doala iruditzen zaigu. Hala al da? Ze garapen ikusten dezu zure lanean?‬

Izan daiteke, ikasten ari naiz, eta nere ikaspenaren prozesua ikusten duzuela suposatzen dut. Uste dut lanbide hontan, eta beste guztietan ere, ikasketa prozesua ez dela inoiz amaitzen. Neretzat lan zintzo bat egitea oso garrantzitsua da, ezinbestekoa, eta prozesu hortan trazoa askatzea ere garrantzitsua dela uste dut.

Maite Gurrutxaga ilustratzailea habiak liburuaren portada


publizitate grafikako ikasle gehienek, oso gustokoa dute marraztea, etorkizuneako grafista hauei aholkuren bat ematerik?‬

Topiko bat eman dezake, baina nik uste dut eman dezakedan aholkurik onena dela lan asko egiteko, lan ordu asko sartzea, ahal bezain beste, serio hartzea, beste edozein lanbide bezela. Norberarekin zintzoa izatea, eta erreflexionatzea, zer egin nahi den eta nora joan nahi den, garrantzitsua da, baina hori ere lan asko eginez aurkitzen da, beraz: lan asko egitea!

Maite Gurrutxaga ilustratzailea aitna eta biloba


eta amaitzeko, ze ilustrazio lan berri dituzu esku hartean?‬

Orain irudi indibidualak egiten ari naiz, laminak prestatzen, Bilbon hurrengo urte hasieran egingo dudan erakusketa baterako, eta eskuekin pentsatzen ari naiz, marraztuz hurrengo pausoak zein izango diren ikusteko.

 Maite Gurrutxaga ilustratzailea jendearen marrazkia