Maite Mutuberria marrazkilaria
marrazkia eta ametsak elkartzen
Orain ez asko, tinta putzu artean saltoka, arkatzaren arrastoa topatu genuen. Hari jarraituz, lerro gehiago agertu zitzaizkigun, marrakatuak, argi ilunak, batzuk lehorrak, besteak freskoak, garratzak eta dotoreak, beltzak asko, baina koloretakoak ere baziren. Bapatean, pertsonai, zuhaitz, animali zein herriskak osatu zituzten. Collage batzuk ere agerian, dantzan bezala zebiltzan estanpatuak, akuarela moduko zipristinak.Konturatzerako, marrazkek inguratu gintuzten eta mundu berri batera eraman ere. Liluratuak geratu ginen lerro eta orbainen dantzari begira , pentsakor, barrez batzutan eta triste bestetan.
Gaurko elkarrizketa, aspaldian euskal arkatzen artean nabarmendu eta saritua izan den Maite Mutuberria marrazkilari trebeari.
Esaiguzu, nor da Maite Mutuberria? Nolakoa da?
Nafarroako herri txiki bateko alaba naiz, bertan pasa nuen haurtzaroa, mendi inguruan. Ikasketak amaitutakoan, herritik salto egin nuen Madrilera animazio eta diseinu munduan lan egitera. Guzti honek nire nortasuna eta lanbidea moldatu du, zentzu guztietan.
Eta jatorrietara jota, nondik dator marraztearekin harremana?
Aitona zurgina nuen eta etxean beti egin dira eskulanak, familia inguruan marrazten pasatzen nuen denbora haurtzaroan. Denok marrazten dugu txikitan, esan daiteke nik ez niola marrazteari utzi.
Garapen bat ikusten al dezu zure marrazkietan?
Bai, guztiz. Alde batetik, teknikoki trebatzen joan naizela sentitzen dut; bestetik, bizitza aurrera doan heinean, gustoak, gaiak, estiloak… aldatzen joan dira ezinbestean. Bidea dut egiteko oraindik.
Gaur egunean nola da zure lan erritmoa? ze errutina dituzu?
Saiatzen naiz nire buruari errutinak jartzen, baina batzuetan zaila da enkarguen arabera lan zama ezberdina baita. Normalean goiz esnatu eta lanean hasi aurretik irakurri egiten dut. Batzutan lasaitasun momentu horiek libre marrazteko baliatzen ditut baita ere. Gero lanean hasi eta enkarguekin pasatzen dut ia egun osoa. Arratsalde partean etxetik ateratzen naiz kirola egiteko.
Baina ezaiguzu, nola da liburu bat ilustratzearen prozesua?
Liburu bakoitza ezberdina da, baina baditu pausu batzuk edo. Lehenik testua jaso eta lasai irakurtzen dut. Momentu hau izugarri gustatzen zait: hitz esanguratsuak azpimarratu, ideiak apuntatu, zirriborro txikiak egin… Ondoren bozetoak egiten ditut, istorioa nola kontatuko dudan erabakitzeko eta, batez ere, kontatzeko modu horri zer estilo dagokion aurkitzeko (denbora asko ematen dut honekin). Jarraian ilustrazioak egiten ditut banan-banan, beti ere ideia orokorra eta liburuaren haria argi daukadanean.
Nondik datorkizu inspirazioa?
Ez dakit inspirazio kontua den, baina edonondik. Garrantzi handia ematen diot irakurtzeari, denetarik irakurtzen dut eta nolabait horrek burua zabaltzen didala sentitzen dut. Gero uste dut irudi mordoa ikusteaz gain, aberasgarria dela bizitza bera: lagunak, aisialdia, kalean gertatzen denari argi egotea, elkarrizketak kuxkuxeatzea…
Harkatza, akuarela, ordenagailua… ze tresna dituzu gustokoen? Nola da marraztearen prozesu teknikoa?
Arkatza asko gustatzen zait, badauka bapatekotasunaren indarra eta freskotasuna. Tintak baita gustoko ditut. Hala ere, egiten ditudan lan guztiak ordenagailutik pasatzen dira. Normalean eskuz hasten naiz, arkatzarekin marraztuz, tintak eta kollagearekin “liburutegi” moduko bat eginez. Ondoren eskaneatu eta guztia ordenagailuan montatzen dut.
Erreferenteetara begiratuz, zein ilustratzaile dituzu gustoko? Zein ilustratzailerekin batera gustatuko litzaizuke lan egitea?
Izugarri gustatzen zait Gabrielle Vincent, Benoit Jacques, Suzy Lee-k duten freskotasuan. Elena Odriozola da nire erreferente gertukoena, bere soiltasuna eta pertsonaiek duten adierazkortasun neurritsua hunkitzen naute.
Honetan trebatu nahi dutenentzat, nola ikusten dezu marrazkilari profesional izatearen aukera?
Gogorra da, baina nik uste lan asko eginda aukerak daudela. Norberaren bidea ezberdina da, nirean erabakigarria izan da denetarik egitea: publizitatea, testu-liburuak, kartelak, bideoak…
Zein aholku emango zenieke marrazkilaritza eta ilustrazioan ikasten ari diren ikasleei?
Gainean beti koadernoa eraman dezatela eta inguruan eta buruan dutena marraztea, norberarentzat, helbururik gabe. Horrek eskua trebatzen du eta ezberdin egiten zaituena ateratzen laguntzen du.