Yera Sanches ilustratzaileari elkarrizketa

Yera Sánchez marrazkilaria: arkatza beti eskuetan

Yera Sánchez marrazkilariak Arte Ederretan ikasi eta hainbat ilustrazio proiektutan parte hartu eta gero, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduan irudiarekin eta sorkuntzarekin lotura duten gaiak irakasten dabil. Hainbat ilustrazio proiektutan parte hartu du eta kartel, liburu azalak eta ilustrazio solteak marrazten dabil azpaldian.

Duela  asko, erabilitako liburu zaharrak begira nenbilela, ondoan zegoen neskak, liburu ilustratu eder bat topatu zuen. Nor ote? Zergaitik hartu ote du liburu eder hori? Hizketan hasi eta a ze sorpresa! ilustratzailea omen. Ba gure webguneko txoko honetara ekarri behar degu bada. Gaurkoan, marraztea maite duen Yera Sanchezi elkarrizketa.

Zailenetik hasiko gara: Nola definituko zenuke zure burua? Eta zure ilustrazio-lana?

Uste dut beti izan dudala arkatza eskuetan, oso txikitatik. Nire lehendabiziko mihiseak etxeko hormak eta altzariak izan ziren. Aurrerago, 12 edo 13 urterekin, margotzeko sen hori profesio bihurtzeko aukera bazela jakin nuen, nire harridurarako. Erabakia zalantzarik gabe hartu nuen; Arte Ederrak ikasiko nituen. Eta horrela gertatu zen.

Aretxabaletan bizi naiz eta bertan egiten dut lan, Mondragon Unibertsitatean, hain zuzen. Irakaslea naiz Ikus-entzunezko Komunikazioko graduan eta irudiarekin eta sorkuntzarekin lotura duten gaiak irakasten ditut. Dena dela, arkatza eskuetan izaten dut oraindik ere.

Ilustrazio-lanari dagokionez, egia esateko, ez nuke jakingo definitzen. Nire ibilbidea txikia da oraindik eta garatzen ari da, gainera. Iruditzen zait lan asko dudala egiteko.

 

Noiz eta nola hasi zinen marrazten? eta nola garatu zen hori gaur egungo zure ilustrazio lanetara?

Sorkuntzazko lanak egiten beti sentitu izan naiz gustura. Horretarako erraztasuna nuenez eta atsegin nuenez, Arte Ederrak ikasteko erabakia hartu nuen. Lehendabiziko ikasturtean, zineak eta argazkigintzak liluratu egin ninduten eta, hori dela eta, lau urtez alde batera utzi nituen pintura eta ilustrazioa. Baina lizentziaturako azken urtean, Begoña Vicario animaziozko irakasleari esker, genero horrekiko interesa piztu zitzaidan eta buru belarri ekin nien animaziozko lanei. Horrela, hezur-haragizko aktoreak alde batera utzi eta ostera ere marrazten hasi nintzen. Ikasketak bukatu eta berehala, ilustraziozko lan batzuk egiteko aukera izan nuen, eta gaur arte.

 

Liburuak, portadak, kartelak…  nola da zure lan-prozesua?

Edozein marrazki egin aurretik, ohikoa izaten den blokeotik ihes egiteko edo, beste autoreen lanak ikustea gustatzen zait. Horretarako, interneta eta sare sozialak baliatzen ditut, esaterako, Pinterest, Flickr, blogak eta webguneak. Denetarik begiratzen dut inspirazio bila. Orduak eman ditzaket bestek egindako gauzak ikusten (bideoak, argazkiak, diseinu lanak, ilustrazioa eta testuak, besteak beste). Horrela, aldi berean, konturatu ere egin gabe, burua abian jartzen da, eta ideiak pixkanaka azaltzen.

 

Zein ilustratzailerekin egingo zenuke lan gustora?

Izugarri gustatuko litzaidake zulo txiki batetik begiratzea eta ikustea nola lan egiten zuten Roald Dahl eta Quentin Blake lan-bikote bikainak. Quentin Blakek oso ondo ilustratzen ditu Roald Dahlen kontakizunak; lehenak irudiz eta bigarrenak hitzez, tonu berean komunikatzen dituzte istorioak eta benetan gertatzen da bi lanen uztartzea.

 

Liburu ilustrazioetan ere jardun duzu; nola da testuak ilustratzearen prozesua?

Testuetatik abiatutako bi proiektu egin ditut orain arte eta bietan desberdina izan da lanketa-prozesua. Lehendabizikoa haurrentzako ipuin-bilduma bat izan zen. Ipuin bakoitzak istorio bat kontatzen zuen protagonista baten ahotik. Lan polita izan zen, baina teknikoki oso zaila egin zitzaidan behin eta berriz pertsonaia bera hainbat egoeratan errepikatzea. Oro har, pertsonaia bat sortzen dudanean, ilustrazio bakar baterako izan ohi da, alegia, lana ilustrazio horrekin amaitzen da. Proiektu horrek, ordea, pertsonaiaren lanketa sakonagoa eskatzen zuen.

Bigarren proiektuak lanketa-prozesu zeharo ezberdina eskatzen zuen. Proiektuaren helburua Ertzeko zatiak gogoeta-liburua ilustratzea zen. Autoreak (Jon Sarasua) Brasilen bizi izandakoaren berri eta egonaldi horretako burutazioak eta gorabeherak ematen zizkidan. Ez bakarrik idatziz, astero berarekin biltzen nintzen eta egoeren deskribapenak eta bizipenen ñabardurak ematen zizkidan. Nik, orduan, irudiak sortzen nituen eta bion artean erabakitzen genuen egokiak ziren edo nola hobe zitezkeen.

 

 

Kurtso hasieran Elena Odriozola eta Gustavo Puertak Artelekun antolatu zuten tailerrean egon zinela badakigu. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso aberasgarria izan zen. Elena Odriozola nire ilustratzaile kuttunenetakoa da eta, beraz, luxua izan zen berarekin astebeteko ikastaroa izatea. Horrez gain, tailer horiek aukera aparta izaten dira Euskal Herriko beste ilustratzaile batzuk ezagutzeko, lan egiteko beste modu batzuk ikusteko eta, oro har, guztiok izaten ditugun zalantzak, ardurak, trabak eta kezkak adierazteko eta elkarrekin partekatzeko.

 

 

Badakigu ere ilustratutako liburuak maite ditzula. Zein liburu eta egile dira zuretzat erreferente?

Gabriele Vincent oso gogoko dut. Txikia nintzenean “Ernest et Célestine” saila ikaragarri gustatzen zitzaidan eta gaur egun ere gustura irakurtzen dut. Sail horretatik kanpo, lan azpimarragarria da, esaterako, Un jour, un chien liburua; artelan bikaina iruditzen zait!

Bestalde, Quentin Blake ilustratzaileak duen umorea ere asko gustatzen zait, batez ere, Roald Dahlekin batera egindako lanetan. Era berean, autore garaikideak aipatzearren, Jon Klassen, Simone Rea, Daniela Tieni, Melissa Castrillon eta Julia Pott ilustratzaileen lanetara, adibidez, askotan jotzen dut. Aipatzekoa da, halaber, Notizen vom Käptn´s Dinner Marei Schweitzerren hitzik gabeko liburua, oso gogoko dudana.

Euskal Herrian ere ilustratzaile bikainak ditugu, nola ez; besteak beste, Elena Odriozola, Asun Balzola, Maite Gurrutxaga, Mikel Valverde, Iraia okina, Jokin Mitxelena eta Iker Ayestaran.

 

Nola ikusten duzu marrazkilari profesionala izatearen aukera?

Nire lanbidea, gorago aipatu bezala, irakaskuntza da. Unibertsitatean ematen ditut eguneko ordurik gehienak eta, beraz, ilustrazioa bigarren maila batean dago, halabeharrez.

Noiz edo noiz, aukera izaten dudanean kolaborazioak, kartelak, edota ilustrazio solteak egiteko, gogo handiz eta seriotasunez hartzen dut, noski. Baina gaur egun proiektu handietan sartzeak ahalegin, denbora eta sakrifizio handia eskatuko lidake eta ez dakit behar bezala erantzuteko gai izango nintzatekeen.

Momentuz oso gustura nago nire lanbidearekin, baina batek daki, agian urte batzuen buruan ilustrazioan murgilduta nago buru belarri; hori ez dut baztertzen.

 

Arkatza, akuarela… ze tresna erabiltzen dituzu marrazteko? ordenagailua?

Marrazkiak eskuz egiten ditut lehenik, arkatzez, alegia. Gero eskaneatu eta ordenagailuan erabakitzen dut marrazkiaren konposizioa, tamaina, eta kolorea. Normalean denbora gutxi izaten dut eskatzen dizkidaten kartelak edo dena delakoa egiteko, eta azkarrago egiten dut ordenagailuan. Gainera, ordenagailuarekin beti hor dago aldaketak egiteko aukera.

Ordea, marrazkiak niretzat egiten ditudanean, enkarguzkoak ez direnak, alegia, dena eskuz egiten dut. Kasu horietan, teknika guztiak ditut gogoko eta guztietan aritzen naiz; akrilikoa, akuarela, oleoa, koloretako harkatzak… Teknika bat baino gehiago marrazki berean nahastea ere oso gogoko dut, adibidez.

 

Hasieratik hona, zer garapen ikusten diozu zure lanari?

Garapen handiena marrazkien edukietan dago, zalantzarik gabe. Hasieran egiten nituen marrazkiak egun kontzeptualki hutsak iruditzen zaizkit, ez dute ezer kontatzen. Orduan, nire ardura nagusia “politak” egitea zen, gehiegi pentsatu gabe zer egiten nuen eta zergatik. Baina gaur egun denbora gehiago ematen dut pentsatzen horrekin zer nahi dudan transmititu eta komunikatu, eta ez hainbeste marrazkia txukuntzen edota perfekzionatzen.

 

Publizitate grafikoko ikasle askok, oso gustukoa dute marraztea, etorkizuneko grafista horiei zer esango zenieke?

Marrazteari inoiz ez uztea, horixe nire gomendioa, eta asko eta asko marraztea, egunero! Gauza interesgarrienak prozesu luze baten ondoren etortzen dira, gehienetan horrela izaten da, zera, marrazki txar asko egin behar dira marrazki bikain bat lortzeko.


Eta amaitzeko, zer marrazki lantzen zabiltza gaur egun?

Eskaintzen dizkidaten kolaborazio txikiak egiten jarraitzen dut: kartelak, azalen diseinuak, ilustrazio solteak eta abar. Bestalde, bi proiektu handiagorekin ere banabil bueltaka, baina horiek epe luzeago batera begira. Batetik, hitzik gabeko album ilustratu bat egitekotan nago; eta, bestetik, idazle batekin elkarlanean, liburu bat ilustratzeko proeiktua daukagu esku artean.